XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Nekazaritzako Azpiegituren erreformari buruzko Foru Lege Proiektua

NEKAZARITZA, ABELTZAINTZA ETA MENDI BATZORDEAK ONETSITAKO IRIZPENA

Biltzarreko Erregelamenduko 133.6 artikuluan ezarritakoa betez, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Batzordeak Nekazaritzako Azpiegituren erreformari buruzko Foru Lege Proiektuari buruz eman duen Irizpena Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitara dadin agintzen da.

Proiektu hori 1994ko ekainaren 20ko 40 zk.ko Biltzarreko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.

Irizpen horri buruz, Osoko Bilkuran, emendakin hauek eta boto partikular hauek defendatzen ahalko dira:

-Emendakinak: 1, 10, 36, 38, 42, 48, 57 eta 84 zenbakikoak, Herri Batasuna Parlamentari Taldeak aurkeztuak.

1994ko urriaren 4ko 57 zk.ko Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren.

Iruñean, 1994ko azaroaren 17a

Lehendakaria: Javier Otano Cid

IRIZPENA. Nekazaritzako Azpiegituren erreformari buruzko Foru Lege Proiektua

ZIOEN AZALPENA

Nekazaritzaren egungo egoeraz botere publikoek duten kezka, eta batez ere, nekazaritzako ustiategien konkurrentzia eta bideragarritasunaz dutena, Presazko Neurri eta Aparteko Pizgarrien Plan batean gauzatu zen lurzatien kontzentrazioari dagokionez eta, horren barrenean, nekazaritzako egiturak berritzeko balioko lukeen tresna juridiko bat eskuratu beharra planteatu zen.

Gaur arte, Nekazaritzaren Erreforma eta Garapenari buruzko Legea izan da nekazaritza berritzeko erabili den legezko baliabidea, batez ere lurzatien kontzentrazio eta berrantolamenduen bitartez, naziorako interesagarri deklaratutako eremuak ureztalur bihurtzeko.

Gaur egun, prozedura horiek oinarrian baliagarriak dira baina beharrezkoa da aldatzea, alde batetik Foru Komunitateko erakundeetara egokituz, eta bestetik, bai Nafarroako nekazaritzak egun dituen beharretara, bai Nafarroako Ubideak ukitutako eremuetan ekarri bide duen eraldaketara, haiek ureztalur bihurtzeko tresna egokia izan dadin .

Horretarako, Foru Komunitateak, berea duen eskumena erabiliz, nekazaritza eta abeltzaintza arloan duen foru eraentzaren ondorioz, ekonomiaren antolamendu orokorrari jarraituz, lurzatien kontzentrazioa arautu du nekazaritzako azpiegiturak berritzeko ohizko prozedura gisa eta lurzatiak berrantolatzeko hiru prozedura berezi ezarri ditu beste kasu batzuetarako, lurzatien kontzentrazioa bidezkoa ez denerako.

Gainera, lurzatien kontzentrazioaren prozeduran ureztalurrak sortu edo haiek hobetu ahal izatea sartu da, prozedura bakar batean.

Halaber, Foru Lege honek nahitaez egin beharreko interes orokorreko obren finantzamendua dakar, lurzati kontzentrazioaz edo ezarritako beste prozeduretako baten bitartez egin beharreko erreformena alegia, zeinak horretarako onetsitako Lurraldeko Obra eta Hobekuntza Plan batean sartuko baitira.

Hori dela eta, Nekazaritzaren Finantzaketari buruzko Foru Dekretu Legegilearen III. Titulura jo beharko da, soil-soilik lurzatiko instalazioen finantziaketa denean, hau da, Lurraldeko Obra eta Hobekuntza Planean sartuta egonik, nekazaritzako interes pribatukotzat jotako obrak direnean.

Kontzeptu berri bat sartu da Foru Legean, ustiategiaren oinarrizko azalera izenekoa, lurzati kontzentrazioaren prozeduraren barrenean eta kontzentrazioa egin beharreko eremuan, bideragarri izateko moduko azalera duten ustiategiak eratzeko bidea ematen duena.

Horretarako, Foru Legeak hainbat onuraren bidez sustatzen du ustiategiaren oinarrizko azalera izanen duten ustiategien sorkuntza.